2014rako aurrekontua onartu du Berako Udalak aho batez

otsaila 13, 2014

Joan den astean, Berako Udaleko Osoko Bilkurak aho batez onartu zituen 2014rako aurrekontuak, Aralar, Bildu, EAJ eta UPNko zinegotzien aldeko bozkekin. 4,6 milioi eurokoa izanen da, aitzineko urtearekin alderatuta %38a gehiago. 

Gastu arrunten atalean, 2.770.077 euro bideratuko dira, %4,33 gehiago. Nabarmentzekotan, mailegutan, aurten 159.602 euroko gastua izanen dela, iaz baino 51.000 gutiago,  bi mailegu ordaintzen bukatu baita, eta 2013an 180.700 euroko mailegua eskatu zen. Gainerako ataletan, ez dago aldaketa nabarmenik, eta oro har, zeuden horretan mantenduko dira ia sail guztiak. 

Inbertsioen atala, berriz, hirukoiztu egin da, eta 1.772.952,12 eurokoa izanen da aurten. Diru horren ia zati osoa Berako eta Lesakako Udalek elkarrekin ur-hornidurarako landuko duten proiektura bideratuko da. Egitasmo osoaren aurrekontua 1.600.000 eurokoa da. Nafarroako Gobernuaren %90eko dirulaguntza izanen du, gainerakoa ordaintzeko bi udalen artean adostu dute, Lesakako Udalaren ekarpena %3,5a izanen da eta Berako Udalak, berriz, proiektuaren %6,5 hartuko du bere gain. 

Gainerako inbertsioak kopurutan tikiak dira, Espainiako estatuko estabilitate legeak hala behartuta. Biomasa sortzeko 7.000 euro bideratuko dira; Ricardo Baroja eskolan egin beharreko lanetarako 32.000 euro bideratuko dira (teilatu-hegalerako eta leihoak aldatzeko); Berako ur-sareak hobetzeko 76.633,52 gorde dira; hilerrian nitxoak egiteko 20.000; organoaren interpretaziorako proiektu baterako 15.318,60; eta mendiko garbiketetarako 9.000, bertzeren artean.


<< atzera