BASILIO LACORT LARRALDE

apirila 19, 2013

Kazetari eta militar nafarra, Beran 1851ko ekainaren 15ean sortua. Aita Aragoikoa eta ama Berakoa izan zituen.

 

Aita bezala, Guardia Zibilean sartu zen.

Merezimendu militarrari emandako Gurutz Zuria jaso zuen. Bigarren karlistaldia hastean, Elizondora igorri zuten, eta gobernuaren aldeko alderdian bete-betean parte hartu zuen gerrako borroketan. Domina batzuk eman zizkioten. Geroago, Kubara joan zen. Lehen mailako Gurutze Gorria erdietsi zuen han. Kuban gaixoturik, penintsulara ekarri zuten berriz.

Armadako ofiziala izan zen, eta, 1883an, errepublikaren aldeko saiakeran parte hartu zuen. Hori dela eta, Portugalera erbesteratu behar izan zuen. Itzultzeko aukera izan zuenean, Madrilera abiatu zen. Badirudi Ruiz Zorrillaren «El País» egunkari errepublikanoan lan egin zuela.

Iruñera eraman zuten, eta «El Porvenir Navarro» sortu zuen 1898an. Lacortek estilo zorrotza eta antiklerikala erabili zuen astekari hura zuzentzeko. Eztabaida anitz izan zituen komunikabide katolikoekin, eta Iruñeko apezpikua eskumikatu zuen 1900ean. Azkenik, apezpikuak lortu zuen gobernuak astekaria itxiaraztea. Hala ere, Gobernu Zibilak astekari berri bat argitaratzeko baimena eman zion Lacorti, «La Nueva Navarra» izenekoa. Dena den, berriz ere kondenatu egin zuten, eta «La Vieja Navarra», Benito Valenciak zuzendari izan zuen aldizkaria, sortu zen aitzinakoari erantzun integrista eman nahirik. Garratza eta ahalkegabea izan zen bi aldizkarien arteko eztabaidaren tonua. Bere erantzunetan, beratarrak erraten zuen ez zuela erlijioari buruz idazten, apaizei buruz baizik. Lecearen hitzetan, Lacort «errepublikanismoaren eta laikotasunaren nolabaiteko ikurra izan zen, kontuan harturik Iruñean ausarta zela horrela jokatzea XX. mendearen hasieran». Beratarrak sorturiko eztabaidak anitz komentatu ziren Madrilgo eta probintzietako prentsan. 1903an, “Unión Republicana” alderdiaren Madrilgo Batzarrean egon zen.

Iruñean hil zen 1908ko uztailaren 5ean. Errepublikaren lehen udalak Iruñeko zabalguneko kale bati jarri zion beratarraren izena. 1936an, bere hilobiaren inskripzioak karrakaturik -gaur egun ez dago hilobirik-, haren izena ezabatu zuten hilerri zibilean. Horrela erauzi zuten, bada, hilarrian idatzirik zegoen askatasun iku r horren izena.

 


<< atzera