Berako Udalak bat egin du piktogramen kanpainarekin

martxoa 6, 2015

Nafarroako Autismoaren Elkarteak sustatuta, udal eraikin guztiak piktogramekin seinaleztatzeko kanpainarekin bat egin du Berako Udalak

18 dira dagoeneko bat egin duten udalak, eta Berakoa da lehendabizikoa euskaraz jarri dituena

Piktogramen bidez autismoa duten pertsonen egunerokotasuna erraztu nahi da, piktogramek ez baitute hizkuntzarik erabiltzen, errealitateak irudikatzen baitituzte
Martxoaren 2an Marisol Taberna Berako alkateak eta Nafarroako Autismoaren Elkarteko (ANA) lehendakari Amaia Arizek lankidetza hitzarmena sinatu dute, Berako udal eraikinetan paratuko diren piktogramak banatzearekin batera. Ekimena orain urtebete ANAk martxan jarritako “Zure udalerria ulertu” kanpainaren baitan dago. Dagoeneko 18 dira kanpainarekin bat egin duten udalerriak, Nafarroako Gobernuarekin batera. Udal eraikinak autismoa duten pertsonentzat seinaleztatzearekin batera, gainerako herritarrak sindrome honen gainean sentsibilizatzea bilatzen du. Azken ikerketa datuen arabera, jaiotzen diren 68 haurretik bati eragiten dio sindromeak. Berako 10 eraikinekin 3.500 dira dagoeneko Nafarroa guztian seinaleztatutakoak.

Sinadura ekitaldira bertaratu dira Jose Enrique Arburua eta Maitetxu Leonis senar-emaztea; Iker, autismoa duen euren semea; eta Inaxio Sansiñena, Ikerren Ricardo Baroja ikastetxe publikoko irakasle terapeutikoa.

Berako Udalak Herriko Etxea, liburutegia, kultur etxea, Beralandeta gizarte etxea, eskola publikoa, osasun etxea, musika eskola, zahar etxea, parkea eta Maddi egoitza seinaleztatu ditu.

Amaia Ariz ANAko lehendakariak argitu duenez, “piktogramak lau eta zortzi urte arteko haurren begien altueran kokatu behar dira. Piktogramak kokatu ondoren, haurrarekin batera lekuan bertan esku hartzen da, irudien erranahia landuz, hiztegia aberastuz eta ulermena garatuz.


<< atzera