BERAKO UDALAK hartu du Emakumeen eta gizonen arteko BERDINTASUNAREN alde lanean jarraitzeko konpromisoa

otsaila 25, 2014

2014ko MARTXOAREN 8ko MANIFESTUA 

Guztiok eta gutako bakoitzak, ez dugu bakarrik jendarte hau emakumeendako berdinagoa izan dadin lan egin, emakume eta gizonendako atseginagoa eta demokratikoagoa izateko ere lan egin dugu. Mugimendu horren barruan geure buruak kokatzeko, egun gaudenak gauden tokian egoteko, beste hamaika emakumeren jarraikitasunari eta irmotasunari esker izan dela aitortzea bidezkoa da.

2014ko martxoaren 8a ospatzen dugu, “Nazioarteko Emakumeen Eguna”, emakumeok gure askatasuna edozein adinetan, bizitza osoan zehar, espazio guztietan eraikitzen jarraitu behar dugunaren ideiarekin. Izaki sozial moduan autonomia eta independentzia osoa nahi dugu, gure jendartean genero arrazoiengatik dauden ezberdintasunak eta diskriminazioak gaindituz.  Eskubideak guztiondako izan behar dira, munduan emakumeak gehiago direla, baina erabaki eremuetan eta publikoan gutxiago direla gogora ekarriz.

Abortoaren legea azpimarratu nahi dugu, non moralitatearen izenean erabaki hartzeko aukera debekatzen zaigun, eta bertzetik abortu ilegala bihurtzen den heinean, segurtasun eta kalitatezko zerbitzua galtzen dugu, emakumearen arriskuak areagotuz.

 Krisi ekonomiko eta sozialaren garai hauetan funtsezkoa da eskubideetan murrizketa gutxiago egon daitezen ahaleginak gehitzea. Datuek diote pribatizazioek, ezkutuko enplegua, lan eta bizitza baldintzetan prekarietatea… dakartzatela. Eta emakumeek badute zeresana, beste behin ere, krisi garai hauetan kaltetuenak baitira.

Krisiak, kontziliazio-erantzunkidetasun zein berdintasun eta zuzentasun materietan lortutako eskubideetan eta aurrerabideetan atzera egiteko arriskua dakar berarekin, lanaren sexuaren araberako banaketak eta honek sortzen dituen ezberdintasunak areagotuz. Baina aldi berean, krisiak, ekoizpen eta kontsumo modu berriak ezartzeko eta zainketaren inguruko egiturak eta harremanak berrantolatzeko aukera eta erronka erakusten du, gizonen eta emakumeen artean lan ordainduaren eta ordaindu gabearen banaketa bidezkoa ezarriz.

Genero abantailen amaiera ez litzateke mehatxu pertsonal moduan hartu beharko, herritarrak garen guztion bizi kalitatea hobetuko duen garapen sostengarriaren alde lan egiteko aukera bezala baizik. Ingurumen-osotasuna, ekonomia bideragarritasuna, egungo belaunaldien jendarte justuagoari arreta jartzen dioen etorkizuna eraiki dezakegu, non gizonak eta emakumeak pertsona bezala ezberdinak baina aukeretan berdinak izanen diren.

Honengatik guztiarengatik, BERAKO UDALAK adierazten du:

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa eta 2014ko martxoaren 8a ospatzeko gonbitea egiten dizue, erakundeek eta kolektiboek ospatzeko antolatu dituzten ekitaldietan parte hartuz.


<< atzera