Erakusketak, hitzaldiak, antzerkia eta musika ekitaldi ugari izanen da Beran Julio Caro Barojaren arrastoa oroitzeko

uztaila 14, 2014

CARO BAROJA_1

Etnografo eta antropologoa jaio zeneko mendeurrena ospatzeko bat egin dute Udalak eta hainbat herritarrek

Julio Caro Baroja jaio zela ehun urte beteko dira aurten. Berako Udalak, eta Caro Baroja hurbiletik ezagutu zuten hainbat herritarrek bat egin dute haren lana gogora ekartzeko, eta “Don Julioren arrastoa” lelopean, makina bat ekitaldi antolatu dute datozen hilabeteetarako.

Joan zen ekainaren 15ean eman zitzaien hasiera mendeurreneko ospakizunei, 80 txistularitik goiti bildu zituen topaketarekin. Erakusketak, antzerkia, hitzaldiak eta musika ardatz dituen programa zabala antolatu dute Beran.

EHUko Uda Ikastaroetan

Uztailaren 24ean, ortzegunez, EHUko Uda Ikastaroetako bat Julio Caro Barojaren omenez antolatua izanen da, Berako Udalak antolatua. Hiru hitzaldi eta mahai-inguru bat izanen dira bertan. Jose Antonio Azpiazu historialariak “Julio Caro Baroja: gizona, zientifikoa, euskalduna” solasaldia aurkeztuko du. Ondoren, Jokin Apalategi eta Aitzpea Leizaola, EHUko irakasleek Caro Barojak euskal antropologiari egindako ekarpena aztertuko dute. Hiruen mahai-inguru batekin bukatuko da goizeko saioa, Donostiako Miramar Jauregian. Ikastaroa doakoa izanen da, baina aitzinetik izena eman behar da. Izen-emate orria EHUko Uda Ikastaroko webgunean zein Berako Udalekoan topa daiteke.

Programak Beran izanen du segida, herritar guztiei irekitako bisita gidatu batekin. Antropologoaren lana gertuagotik ezagutu ahal izanen da. Bisita herriko kultur talde ugarirekin alaitua izanen da. Bertan ariko dira, bertzeren artean, Berako abesbatza, Gure Txokoa dantza taldea, txistulariak, bertsolariak, eta bertzelako talde eta artista batzuk.

Erakusketak, bere lana ezagutzera emateko

Denetara lau erakusketa bisitatu ahal izanen dira hurrengo hilabeteetan Beran. Lehenbizikoa, uztailaren 31tik irailaren 14ra iraganen da Berako kultur etxean, Berako Udalak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean antolatua . Bere izena daraman museo etnografikotik ekarritako Berako baserrietako lanabesen erakusketa izanen da, Juliok berak egindako marrazki batzuekin eta bertzelako argazkiekin osatuko dena, baserriko bizimodua jasoko duena. Erakusketa egunero egonen da ikusgai, goiz eta arratsaldez.

Bigarren erakusketa, berriz, urriaren 3tik 26ra egonen da ikusgai, baina honako hau Berako dendetako erakusleihoetan eginen da. Berako hainbat margolariren lanak paratuko dira, karrikak alaitzeko.

Urriaren 24ean irekiko da hirugarren erakusketa, Julioren lana eta figura modu artistiko batean erakutsiko dituena, ikus-entzunezko, koadro, argazki eta marrazkien bidez. Hilabetez egonen da zabalik, kultur etxean, azaroaren 23a bitarte.

Laugarren erakusketa urtero Lurraren Egunaren aitzakian Rosa Errandoneak paratzen duena izanen da, aurten Barojatarrei lotua egonen dena.

Hitzaldiak, musika eta antzerkia

Musikazale handia izan zen Caro Baroja, eta horregatik, musikak ere toki berezia izanen du programan. Txistularien topaketaren ondotik, irailaren 5ean, organo, gaita eta txistu kontzertu bat eginen da, San Esteban elizan.

Iraila eta urrian zehar, berriz, hitzaldi sorta bat antolatu da. Bertan ariko dira Jose Antonio Azpiazu, Fermin Leizaola, Koro Iratzoki eta Juainas Paul, irailaren 19 eta 26an, eta urriaren 3an. Urriaren 10ean, berriz, gertutik ezagutu zuten herritarrek euren bizipenak kontatuko dituzte.

Omenaldiko ekitaldiak azaroaren 9an eta 15ean bukatuko dira. 9an Emaitza antzerki taldeak “Don Julioren bidaiak” antzezlana aurkeztuko du, eta 15ean omenaldi-ekitaldia batekin bukatuko dira mendeurreneko ospakizunak.

Zugarramurdin ere bai

Zugarramurdiko Sorginen Museoak ere bat egin nahi izan du ekitaldiekin, eta Berako lantaldearekin elkarlanean, hiru ekitaldi antolatu ditu. Irailaren 15etik 30era, museoan bertan, Nafarroako Gobernuak antolatutako “Navarra intensa” erakusketa ikusi ahal izanen da. Irailaren 20an akelarrea prestatu dute lezean, eta bertan parte hartuko dute Bera eta Zugarramurdiko musikari eta antzerkilariek. Irailaren 27an, berriz, Koro Iratzoki eta Juainas Paul sorginkeriaz ariko dira hitzaldi batean.


<< atzera