Liztor beltzaren kontrako kanpaina

otsaila 7, 2014

Udaberri hasieran tranpak jar daitezke eta udazkenean, habiak pozoitzeko pertika-sistema berritzailea erabiliko da

Bortzirietako udalek liztor beltzaren (vespa velutina) kontrako kanpaina abiatu dute, «ingurumenaren etsaia, denen etsaia» delakoan eta herritarren laguntza ezinbertzekoa dela jakinarazi dute. Horretarako, informazio biorriko bat argitaratu dute eta Ttipi-ttapa aldizkariarekin batera banatuko da. Bertan, intsektu kaltegarri honi buruzko informazioa ematen da, zer egin dezakegun, tranpak egiteko modua eta habiak aurkitu eta suntsitzeko moduak agertzen dituzte.

Izan ere, udaberri hasieran hasten da erregin gaztea habia egiten, otsailean edo martxoan, eguraldiaren arabera. Tenis-pilota baten neurrikoa den lehenbiziko habi honetan hasten dira larbak sortzen eta talde handi samarra osatzen duenean, habi hori utzi eta toki zabalago batera joaten da (zuhaitz, teilatu-hegal…), normalean janaria eta ura dagoen tokitik hurbil.

Horregatik, liztor beltzari aurre egiteko lehen sasoi garrantzitsua orain datorrena da. Juanito Zelaieta Berako erlezainak jakinarazi zuenez, «udaberri hasieran, negua pasatu eta janaria behar du liztorrak, azukrea, eta naturak ez dio aski ematen eta horregatik errazagoa da tranpatan harrapatzea». Horretarako sistema erraza ere agertu zuten, botil-tranpa: plastikozko botil baten goiko zatia moztu eta buruz beheiti sartu toki berean, onil baten modura. Azukrea duen likidoa jarri (garagardoa eta siropea, adibidez) eta likido hori astero berretu behar da.

Erran bezala, hau udaberri hasieran egin behar da. Bigarren fasea udazkenean izanen litzateke, hostoak erortzean errazago ikusten baitira habiak. Norbaitek habiren bat harrapatuko balu eta tokia edo arbola zeharkako marra batekin markatu gabe baldin badago, norbere herriko udaletxera deitu behar du (Arantzan 948 634005; Beran 012 edo 948 630005, Etxalarren 948 635005, Igantzin 948 637781 eta Lesakan 948 637005), habia non dagoen azalduz. Arduradun batek lokalizatu eta markatuko du eta habia pozoitzeko egoki prestatuak diren langileak eta Herriko Etxeko arduraduna joanen dira eta eginen dute egin beharrekoa. Ondotik, x marka jarriko dute.

Bortzirietan, Juanito Zelaietak berak asmatutako sistema berritzaile bat erabiliko da horretarako, 15 metroko altuerara bitarte ailegatzen den pertika-sistema, pozoia zuzenean habian sartzen duena. «Bertze edozein sistema baino praktikoagoa eta efektiboagoa da, egun osoan egin daiteke, ez bakarrik ilunabarrean edo goizean goiz liztorrak habiak daudenean, likido pozoitsu honek erakarri egiten baititu… Arratsalde batez zortzi kabi suntsitu genituen…». Bertze inolako sistemekin ezin denean, tiroka erasoko zaie. Zelaietak onartu zuenez, «joan den urtean ez zen aunitzik hedatu liztor beltza, udaberri kaxkarrak eragina izan baitzuen bai liztorrendako, bai erleendako, baina ez dakigu aurten zer datorkigun». Horregatik, udal ordezkariek bezala, laguntza eskatu diete bortziritarrei.

Miguel Mari Irigoien, Etxalarko alkateak erran zuen «udalek hartu dugula ardura kalte handiagoak saihesteko, ikusiz Nafarroako Larrialdi Zerbitzuak ez duela arazo hau bere protokoloan sartzen». Ikusi liburuxka

 


<< atzera