PIO BAROJA

apirila 19, 2013

(Donostia, 1872 – Madril, 1956)

 

Beran sortu eta hil ez bazen ere, atxikimendu handia izan zuen herriarekiko, han urte anitz eman baitzituen.

Aitaren lana zela eta, Espainiako hiri batzuetan eman zuen gazte denbora.

Minaren gaineko tesi bat eginik, medikuntzako doktoretza eskuratu zuen (1893). Zestoan (Gipuzkoa) bi urtez aritu zen mediku. Geroago, Madrilen bizi izan zen, eta familiaren okindegian 6 urtez aritu zen lanean. 98ko belaunaldia osatuko zuten idazle gazteekin izan zituen harremanak, eta hainbat aldizkaritan artikuluak argitaratzen hasi zen.

Literaturara soilik emana, 1900en argitaratu zuen lehenbiziko obra: “Vidas sombrías”. Hurrengo 10 urtean, Europan egindako bidaiez gainera, 17 eleberri eman zituen argitara. Bere obraren barnean eleberri horiek multzo garrantzitsua osatu eta idazle ospetsu bihurtu zuten. 1935ean, Espainiako Errege Akademian sartu zen.

Espainiako Gerra Zibilean ez zen bi alderdietariko baten alde agertu, baina Doneztebeko karlistekin arazoak izan zituenez, Donibane Lohizunera ihes egin behar izan zuen 1936an. Handik urte batzuetara, 1940an, Madrilera itzuli eta idazten jarraitu zuen.

Gazte denboran anarkismoaren jarraitzailea izan zen, politika, erlijioa eta etikaz mesfidatu arteraino.

Liburu anitz idatzi zituen, 75 inguru. Funtsean, 3 etapatan multzokatzen ahal dira Barojaren eleberriak: 1912a arte lehena; bigarrenean, berriz, 98ko belaunaldiaren espiritua agerturik (1912-1936), narrazio teknika pertsonala garatu zuen batez ere. Garai hartakoa da abenturen eta historiaren gaineko eleberriak. Hirugarren etapan, 1936tik aitzinakoan, idazlearen maldan beherako joera antzematen da. Trilogien arabera sailkatu zuen bere obra, 10 osatu arteraino: karlistaldien Euskal Lurra; arraza (autobiografikoa, gehienbat); fantasiazko bizitza, bizitzaren zentzuaren bila dabilena; bizitzeko borroka, Madrilgo langileria oinarri duena; itxasoa, euskal marinelen istorioak biltzen dituena; iragana; eta egungo hiriak eta azken hatsak.

Bere ahaide Eugenio Aviranetari eskainitako sorta bat argitaratu zuen, independentzia gerran eta karlistaldietan parte hartu baitzuen. Halaber, oroitzapenen gaineko zortzi liburu plazaratu zituen.

Bere garaiko estilo erretorikoa bazterturik, estilo berritzailea erabili zuen Barojak. Era berean, eleberritik kanpoko alderdiak utzi zituen bazterrean, bertze egile batzuek egiten zuten bezala, eta estilo pertsonala eta apala erabili zuen, esaldi motzak eta pasarte laburrak nabarmentzen zituena. Sortzailetasuna eta istorioak kontatzeko gaitasuna izan ziren haren dohain nagusiak. Horregatik, hain zuzen ere, ospetsua izan zen, eta geroko idazleek aitortu dute eragin handia izan duela.

 


<< atzera