Paisaia
Lau unitate geomorfologiko bereizten dira udalerrian.
Mendien barnean dagoen pasabide bateko mendebaldeko sektorean dago herria. Horren zati bat egiturazkoa da (sakonune tektonikoa, sinklinala), eta, bertze bat, higadurak sortu zuen, Goi Kretazeoko flyschak forma emana.
Zia errekak (Lamixene edo Izpoz pusken arabera) drainatzen du Bidasoarantz, ekialdetik mendebaldera.
Iparraldean Larun mendiko (905 metro) hegoaldeko isurialdea dago. Amildegi anitz ditu alde horrek, Ziara isurtzen diren hainbat errekek Karboniferoko eskisto beltzaxketan sortuak. Horien gainean azaleratzen dira Permotriaseko konglomeratuen eta hare-harrien kalpar gorrixkak.
Hegoaldean Bortzirietako mendigune paleozoikoko eskisto karboniferoak daude (Santa Barbara edo Larretagaina eta Labiaga edo Ibantelli).
Mendebaldean, Bidasoaren ondoan, Aiako harrietako mendigune kristalinoko granitoa azaleratzen da.
Bidasoa ibaia da Lesakaren eta Beraren arteko muga, eta bi zati sarturik ditu, bat eskisto karboniferoetan, eta, bertzea, granitoan, Bera-Zalaineko bertze zabal batek bereizirik.
MENDIAK
Larun da goreneko gaina (905 metro).
Beratik joaten ahal da hara, oinez edo kremailerako trenez, Col de Saint-Ignace izeneko lepotik (Azkaineren eta Sararen artean).
Bista ederrak dira hangoak, Pirinioetatik itsasoraino. Kostaldean, Donostia ikusten da mutur batean, eta Baiona bertzean.
Labiaga edo Ibantelli (700 metro) mendi atsegina da, gizakiak ukitu gabea oraino.
Mandela (573 metro) mugan bertan dago, eta itsasoaren gaineko bista ederrak ditu.
Santa Barbara edo Larrategaina (400 metro) hiriguneko hegoaldean dago, eta horren gainetik herri osoa ikusten da. Harat igotzeko bide samurra izanen du ibiltariak.