Historia

1402. Nafarroako Karlos III.a Prestua erregeak zenbait abantaila eman zizkien Lesaka eta Berako herritarrei, gipuzkoarren eta lapurtarren aitzinean lurra defendatzeagatik.

1606. Altzate eta Urtubiako jaunak Berako parrokiako erretore izendatu zuen Hualdeko Lorentzo. Pertsonaia hori nabarmendu zen Valle Alvarado inkisidoreari anitz laguntzeagatik. Izan ere, Berako herritar anitz jazarri zituen, sorginkeriak egiten zituztela leporaturik. Halako kontuak agertzen dira LogroƱoko auzi inkisitorialean (1610).

1610 inguru. Baionatik artoa ekarri zen estreinako aldiz, eta, haindik aitzina, oinarrizko laborea izan zen nekazaritza atlantikoan.

1638. Urtubia eta Altzateko jauna buru zutelarik, Saint-Simon dukearen tropek su eman zioten Berari.

1793-1795. Konbentzioaren Gerra. Lehenengo fasean, 1794ko uztaila arterainokoan, Espainiako tropek hartu zuten Bera. Bigarrenean, 1794ko uztailaren bukaeratik aitzina, frantsesek hartu zuten herria, eta bertan gelditu ziren harik eta 1795eko ekainean gerra bukatu arteraino.

1813-1814. 1813ko abuztuaren hasieran, Wellington dukea buru zuten tropa aliatuak gelditu ziren Bortziri, Urdazubi eta Donezteben, Soult mariskal frantsesaren tropen gibeletik zihoazelarik. 1813ko azaroa arteraino egon ziren han. Heriotza krisi handia sortu zuten.

1830. Urriaren 20an, Espoz y Mina jeneralak Beratik zeharkatu zuen muga, absolutismoaren aitzinean konstituzio liberala aldarrikatu nahirik.

1838. Lehen karlistaldian, gibelerantz egitean, liberalek Berako elizari su eman zioten apirilaren 4an. Ondorioz, kalte handiak izan zituen elizak.

1872. Karlos Borboikoa Beratik sartu zen, Amadeo Savoiakoaren aurkako gerra aldarrikatzeko. Bigarren karlistaldian, Santa Kruz apaiza hainbat borrokatako protagonista izan zen Beran.

Volver arriba