Bitxikeriak
KONTRABANDOZKO KRISTO SANTUA
Pitin bat aitzinago, Kristo Santua barnean duen horma-hobi bat dago: kontrabandoko irudia da, eta antzematen da lau iltze dituelako. Espainiako Estatuko kristoek oin bat bertzearen gainean paratua dute, eta iltze bakarra zeharkatzen ditu bi oinak.
Ixtorio batek kontatzen duen bezala, Berako bi kontrabandista, Errotako Tomasek eta bertze lagun batek, mugaz haraindiko ondoko herri bateko errekatik omen zetozelarik, uholdeak eraitsiriko baseliza bat ikusi zuten bidean, eta, hango errekan, hain xuxen, aipatu kristo hori aurkitu zuten. Barojatarren etxearen gibelean, guardiek gelditu egin zituzten bi lagunak.
– Geldi hor! Nor dabil?
– Kristo! (ihardetsi zuten kontrabandistek, bertan irudia utzirik).
Aduanan enkantean jarri zuten kristoa, eta, Xuribaitako amerikanoaren laguntzaz, eta Altzateko egungo plazan -garaian baratze batzuk bertzerik ez zeuden han- paratu zuten.
Altzateko plaza egin zenean, lekuz aldatu behar izan zen Santo Kristoa, baina inor ez zen boluntario azaldu bere lur-sailetan paratzeko. Antxoplene, Zelaia etxeko administratzailea, Elizondora abiatu zen etxe horretako jabeekin mintzatzera. Jabeek ezetz eta ezetz ihardetsi ziotenez, horrela erran zien azken argudio gisa:
– Ez diozue Kristo Santuari leku bat utziko zuen etxean?
Galderari ihardetsi beharrean edo, jabeek hobeki pentsatu zuten kontua, eta Zelaiako lur-sailetan paratzeko baimena eman zuten.
SAN ANTONIO KAPERAKO PINTURAK
Altzateko San Antonio kaperaren barnealdean bi artelan daude: Bienabe Artiaren margolan bat da horietariko bat, presbiterioko arku osoa estaltzen duena. 1953an margotu zuen artistak, eta garaiko haurrak hartu zituen eredu. Berriki, triptiko bat ezarri da han, Ricardo Barojak eta Carmen Monnék, bere emazteak, margotua, eta Pepita Baile, Carmen eta Amelia Plazasi eskainia. 1943an egin zen Bestaberri egunerako, eskaintzan ageri den bezala. Halaber, Altzateko armarria dago triptiko horretan.
UDALEKO AITZINALDEKO PINTURAK
1983an, aitzinaldea zaharberritzean, hainbat pinturaren arrastoak azaleratu ziren. Agertu ziren irudiak oinarri harturik, Julio Caro Barojak egin zuen pintura horiek berritzeko zirriborroa. Halaber, herriko margolari Juantxo Larramendik polikromatu zituen antzinako irudiak. 4 bertute kardinalak irudikatzen dituzte pinturok: Zuhurtzia, Justizia, Sendotasuna eta Neurritasuna. Latinez idatzirik daude haien izenak.
1839an, Charles Sturt, Beran bizi izan zen ingeles bat, Australiara joan zen, Adelaidatik hurbil dagoen Hego Australiako Mount Lofty mendilerroko mendi batera, eta “Mount Bera” eman zion izen. Antipodetan ere dugu Bera herriaren izena.