ISIDORO FAGOAGA
Personajes Ilustres
(Bera, 1893 – Donostia, 1976).
1893ko apirilaren 3an jaio zen Berako Agramontea etxean, Illekueta auzoan. Gazterik Buenos Airesera joan zen, han zuen osaba batengana. Kanturako zaletasuna izan zuen gazterik, eta Titta Ruffo eta Florencio Constantinok gomendatuta, Campanini lehiaketa irabazi zuen, Parmako kontserbatorioan ikasketak egiteko beka eskuratuz.
Bilbon “Amaya” operarekin estreinatu zen, eta handik gutxira, Madrilen “Sanson eta Dalila” kantatu zuen. Espainia eta Portugalen Wagnerren operak kantatzen aritu zen. Wagnerrez lanez haratago, hainbat opera kantatu zituen: “Boris Godunov”, “Sansón eta Dalila”, “Norma”, “Ana Karenina”, “Tabare”…
Argentinan kantuan aritu ondotik, Italiara itzuli zen, eta Milango Scalan kontratatu zuten, Wagnerren hainbat opera kantatzeko. Autore alemaniarraren operetan aditu bihurtu zen, eta 11 denboraldiz aritu zen Italiako antzoki hartan kantuan. Hego Ameriketan ere tartekatu zituen emanaldiak garai hartan.
1937ko apirilean, Gernika bonbardatu zutela jakin zuenean, Milango Scalatik alde egin, eta betirako kantatzeari utzi zion. Donibane Lohitzunen errefuxiatu zen, eta alemaniarrek atxilotu zuten II. Mundu Gerran. Gurseko kontzentrazio esparruan hilabete egin zuen, 1940ko maiatzean. Handik ateratakoan Argentinara erbesteratu zen.
Gernika aldizkaria berrargitaratu zuen Buenos Airesen, eta kantua utzita, idatzi egin zuen aurrerantzean, hainbat liburu argitaratuz: “Pedro Garat, el Orfeo de Francia” (1948), “Domingo Garat, el defensor del Biltzar” (1951), “Retablo Vasco” (1959)… Prentsan ere kolaborazio ugari egin zituen garai hartan, nagusiki Euskal Herriko gaiez idatzi zuen.
Euskal Herrira itzuli zen, eta Donostian hil zen, 1976an.
Isidoro Fagoaga entzuteko:
http://youtu.be/JVeIbBE3Zcc