2025eko martxoak 4

MARTXOAK 8: EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Aurten, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Nafarroako Toki eta Lurralde Erakundeetako
Berdintasun Teknikariek mezu argi bat helarazi nahi du: Genero berdintasuna oraindik lortu
gabe dagoen justizia sozialeko auzi bat da. Legeek eta araudiek berdintasun formala aitortu
arren, berdintasun erreala ez da lortu, egunerokoan oztopo nabarmenei aurre egin behar
baitiete lanaldi bikoitzak edo hirukoitzak egin behar dituztelako.
Nafarroako estatistikek hala erakusten dute: emakumeek gizonek baino % 20 gutxiago kobratzen
dute, eta % 36 dira emakumeak lidergoko postuetan. Emakumeek betetzen zituzten, 2020an,
lanaldi partzialeko enpleguen % 80 baino gehiago eta, gainera, familia betebeharrek haien
lanaldia baldintzatzen dutela adierazten dutenen % 87 emakumeak dira. Haiek denbora bikoitza
ematen dute zaintza-lanetan eta etxeko lanetan, eta horrek eragin negatiboa izaten du
kalitatezko enpleguak lortzeko eta, oro har, haien ongizatean. Horren adibide da zaintza lanen
eraginez ordaindutako enpleguan emakumeek izaten duten inaktibitate-tasa % 27,2 dela.
Sektore feminizatuak dira oraindik prekarizatuenak, eta batez ere emakumeek hartzen dituzte
beren gain ordaindu gabeko lanak; eta horrek beren garapen profesionala mugatu eta bizitzaren
eremu guztiei eragiten dien genero-arrakala iraunarazten du. Arrakala hori areagotu egiten da
emakumeak migratzaileak direnean, desgaitasunen bat dutenean, LGTBIQ+ kolektibokoak
direnean, eta abar.
Ordaindutako eta ordaindu gabeko lanaren dualtasunaren emaitza egiturazko desberdintasuna
da, urgentziaz agerian jarri eta konpondu behar dena. Horixe bera salatzen ari da feminismoa
60ko hamarkadatik, alegia, zaintza lanen kontzeptuaren esanahia berrikusi zenetik.
Ezinbestekoa da aurrera egitea emakume guztien lana aintzat hartu eta baloratuko duen
gizarte baterantz, erantzukidetasuna eta berdintasun politikak sustatu eta berdintasun erreala
eragozten duten oztopoak ezabatuko dituen gizarterantz. Fake news delakoa atzean uzteko
garaia da, baita berdintasuna jada lortua dela baieztatzen duten mito antifeministak ere.
Erakunde, enpresa eta herritarrei arduraz jokatzeko eskatzen diegu oraindik ere gure gizartean
irauten duten genero arrakalak desagerrarazteko. Horretarako, adierazpen honen sinatzaileok
honako konpromiso hauek hartzen ditugu:
● Erantzukidetasuna sustatzeko sentsibilizazio programak eta kanpainak diseinatu eta abian
jartzea, gizonak eta emakumeak neurri berean inplikatuz eta intersekzionaltatea
kontuan hartuz, egoera zaurgarrienetan dauden kolektiboen behar espezifikoei
erantzuteko.
● Gure erakundeetako generoari loturiko soldata-arrakalaren jarraipena eta ebaluazioa
egiteko neurriak garatzea, eta bermatzea lan-hitzarmenek eta -akordioek emakumeen
lanaren balorazio justua islatzen dutela, bereziki sektore feminizatuetan.
● Ordaindu gabeko lana bizitzaren iraunkortasunerako ardatz nagusi gisa aitortzen eta
baloratzen duten tokiko politikak ezartzea, eta pertsona guztientzako zerbitzu publiko
unibertsalak bermatzea.
● Genero-berdintasunari buruzko etengabeko prestakuntza eskaintzea gure erakundeetako
langile guztiei, eta politika publikoak eta administrazio-erabakiak genero-ikuspegiarekin
aplikatzen direla ziurtatzea.
● Mugimendu feministak arlo horretan egindako ekarpenak eta lana aitortzea, eta
antolatzen dituzten ekitaldi eta kontzentrazioetan parte hartzera gonbidatzea.
Ekintza horiek Nafarroa berdinzaleagoa eta feministagoa eraikitzen lagunduko dute, non
emakumeek baldintza berdinetan parte hartu ahal izanen dugun bizitzaren eremu guztietan.

 

BERAKO UDALEKO OSOKO BILKURA. ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

 

 

ERLAZIONATUTAKO BERRIAK

Berdintasun Zerbitzuaren webgune berria

2022an Bortzirietako Berdintasun Zerbitzua sortu zen genero desorekaren erronkari aurre egiteko. Gaur herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzu guzien, azken albiste eta eki...

Volver arriba