2025eko urriak 22

POCTEFA La Rhun-E proiektua. Harri pilak kentzen ibili dira Beratik eta Saratik joandako hainbat herritar

Sentsibilizatzeko bideo bat prestatu dute, harriak ez mugitzearen arrazoiak zein diren esplikatuz.

POCTEFA La Rhun-E proiektuaren barrenean, Beratik eta Saratik joandako hogei bat lagun Larhungo Pilotaleku aldean ibili dira, garbitzen eta bisitariek pilatutako edo paratutako harri pilak kentzen.

POCTEFA La Rhun-E proiektuak Larhun mendigunearen «babesa, kontserbazio jasangarria eta kudeaketa koordinatua» ditu helburu, eta horren bueltan egin dute garbiketa eta sentsibilizazio jardunaldia. Zehazki, bisitariek pilatutako edo paratutako harri pilak kentzen aritu dira. Izan ere, proiektuaren bultzatzaileek kontatu dutenez, «itxuraz kalterik egiten ez duen arren, jokabideak inpaktu larriak ditu ingurumenean, paisaian eta kulturan».

Hogei laguneko taldean, inguruko udal ordezkariak eta mendiko bitartekari taldeak ere izan dira. Azken horiek «udan bisitariei informazioa ematen eta ingurunea errespetatzearen garrantziaz kontzientzia zabaltzen» aritu direla erran dute.

Horrekin batera, sentsibilizatzeko bideo bat prestatu dute, harriak ez mugitzeko arrazoiak zein diren esplikatuz, «ingurune naturalean aldaketarik eragin ez dezaten». Bideoaren mezua argia da: «Ez mugitu harririk, ez eraiki dorrerik, errespetatu ingurunea eta partekatu mezua». Gisa berean, «harrizko dorreek ez dutela inolako funtzio praktikorik» oroitarazi nahi izan dute, «baina haien ugaritzeak mikrohabitatak aldatzen dituela, faunari eta florari eragiten diela, eta gainera, historikoki bideak eta mugak markatzeko erabilitako mugarri zaharrekin nahasten ahal direla».

Hona hemen bideoak:

https://www.youtube.com/watch?v=4Qy3KL1c5pw

https://vimeo.com/kaptura/review/1128801687/953a80055e

 

Volver arriba